CAF T&E albisteak
 

Eusko Jaurlaritzak babestutako AVOGADRO proiektuaren helburua Euskadik etorkizuneko hidrogeneren erreferente teknologikotzat duen nazioarteko aitorpena indartzen laguntzea da, garapen-bidean dagoen hidrogenoaren ekonomiaren funtsezko elementuetako bat diren aldetik.

proyecto INS2TEMPO

 
 

Hidrogeno-hornitegiak: hidrogenoaren ekonomiaren giltzarrizko erronketako bat.

Hidrogenerak, hidrogenoa birkargatzeko guneak, bektore energetiko berri honen hedapena in situ egindako sorkuntzaren bitartez bizkortzeko elementu kritikoetako bat dira, izan ere, epe laburreko aplikazio nagusietako asko mugikortasunaren esparrura bideratuta daude, distantzia ertain-luzeko autobusak, kamioiak eta trenak kasu. Teknologia ezaguna izan arren, behar-beharrezkoa da bere prestazioak hobetzea eta ibilgailu astunen birkargara egokitzea, egungo erregaien antzeko kostuak eta baldintzak izan ditzan..

AVOGADRO “Sistema AVanzadO de recarGA de hidrógeno. Gas renovable para aplicaciones de movilidad” (Hidrogenoaren Birkargarako Sistema Aurreratua. Mugikortasunaren arloko aplikazioetarako gas berriztagarria) hutsune hori betezea xede duen industria arloko ikerketa-proiektua da. Asmo handiko helburuak ditu: garraio astunerako hidrogeneren teknologia berri bat garatzea, baldintza hauen arabera: ibilgailuetako tangetan 350bar-eko betetze-presioak, egunean 500 kg-tik gorako hidrogeno-emariak, energia-kontsumo txikiak (2 kWh/kg), erabilgarritasun handia (% 99) eta urteko mantentze-kostu txikia (0,15 €/ kg) lortzea, ihesak berehala antzemateko sistema berritzailea eta fotonikan oinarritutako BoP-a izatea, eta Clean Hydrogen Joint Undertaking-ek argitaratutako “Strategic Research and Innovation Agenda 2021 – 2027” delakoarekin lerrokatutako helburuak betetzea. Balioak “KPIs for hydrogen refuelling stations (HRS)” taulatik jaso dira

Horretarako, proiektuaren erronka teknologiko nagusiak estu-estu lotuta daude konfigurazio optimizatuak, garraio astunerako zein trenbide-garraiorako berariazko horniketa-protokoloak, edota hidrogeneren segurtasuna eta erabilgarritasuna areagotzen lagunduko duen monitorizaziorako material, osagai, ekipo eta soluzio disruptiboak ardatz dituen ikerketarekin, ibilgailu astunetarako hidrogeno berdea hornitzeko etorkizuneko hidrogeno-hornitegien eskakizunei erantzun ahal izateko.

Nazioartean posizionatzeko aukera

Aurreikuspenen arabera, hidrogenoaren merkatua nabarmen garatuko da Europan zein maila globalean, bereziki garraio-sektorea deskarbonizatzen laguntzeko duen gaitasunagatik, besteak beste, eta honek aukerak ekarriko dizkio hidrogenoaren balio-kate osoari. Hala ere, posizionamendu estrategiko egokia lortu beharko da, Euskadi eta euskal industria-sarea ahalik eta ongien kokatzeko eta energia eta ingurumen arloei zein garapen industrial eta teknologikoari dagozkien aukerak aprobetxatzeko.

Nazioarteko ikusmina eta hidrogenoaren teknologien bultzada nagusi diren egungo egoeran, Euskadi energia-sektoreko aldaketa teknologiko honetaz balia daiteke euskal industria-sarea indartzeko, enpresa berriak edo egungo enpresetan negozio-lerro berriak sortzeko eta, honen bitartez, enplegu berrien sorrera errazteko. Erronka honi aurre egitearren, AVOGADRO proiektuak ibilgailu astunetarako hidrogeno-hornitegietan identifikatutako hainbat alderdi kritiko ikertu, ulertu eta horien inguruko ezagutza biltzeari ekingo dio (potentzia-elektronika elektrolizagailuaren elikadura-iturri bezala, hidrogenoa biltegiratzeko sistemak, presio altuko hidrogenorako konpresio-sistemak, hidrogenorako hozte edo precooler sistemak, hidrogenoaren banagailuetarako betetze-protokoloa, ibilgailu astun eta trenetarako IV motako material konposatuez egindako hidrogeno-tangak, ATEX sentsoreak eta sentsore pasiboak dituen monitorizazio optikoko sistema, eta materialek eta hauen tratamenduek eragiketa arloko baldintza zorrotzekin duten bateragarritasuna),sentsorika aurreratuko osagai, ekipo eta soluzioen inguruko beharrei aurrea hartu ahal izateko.

Zortzi euskal enpresa, Iberdrola buru

AVOGADRO proiektuak egun hidrogeno-hornitegien arloan identifikatuta dauden beharrizanak ditu ardatz, eta horren harira, Iberdrola, ABC Compressors, CAF Turnkey&Engineering, Cikautxo, Ingeteam, Lointek, Lumiker Aplicaciones Tecnológicas eta Tratamientos Térmicos TTT enpresek gaitasun teknologiko handia lortuko dute, osagai, ekipo eta zuntz optikoko sentsorika-soluzio berriekin konfigura daitezkeen horniketa-sistema berrietan lan egin ahal izateko. Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileen laguntza ere izango dute. Hauek enpresen gaikuntza teknologikoan lagunduko dute dagozkien ezagutza eta esperientzietatik abiatuta.

AVOGADRO guztiz bat dator Hidrogenoaren Euskal Estrategiarekin, izan ere, estrategia honek 2030erako hidrogenoa erabiltzen duten 20 autobus, salgaien garraiorako hainbat tamainatako 450 ibilgailu eta sarbide publikoko 10 hidrogeno-hornitegiren sarea sortzeko helburua ezarri du. Era berean, Euskadiko 2030erako Energia Estrategiarekin lerrokatuta dago, azken honek lehorreko garraioarekin lotutako hidrogenoaren arloko teknologiak garatzeko premia zehaztu baitu, sektore honetan petrolioarekiko mendekotasuna minimizatzeko asmoz.

Proiektuak 5,7M€-ko aurrekontu globala du, eta 34 hilabeteko iraupena (2022-2024). Inbertsio handi horren ondorioz, ekimenean parte hartzen duten enpresek lehiakortasuna hobetu eta merkatu potentzial handia duten berrikuntza-maila handiko produktu eta zerbitzuak merkaturatzeko aukera izango dute.